Teoria honetan litosferak astenosferaren gainean igeri egiten du. Litosfera zatitua agertzen da plaka tektonikoetan. Plaka hauen arteko mugimenduak hiru motatakoak izan daitezke:
- Muga dibergenteak: bi plaka bata bestearekiko urruntzen direnean eta beraz lurrazal berria sortzen denean gertatzen da.
- Muga konbergenteak: bi plaka bata bestearekiko elkartzen direnean eta beraz bata bestearen azpitik sartu edo talka egiten dute.
- Muga tranformatzaileak: bi plaka ezberdinek batak-bestearekiko duten mugimendu erlatiboa ezkerrantz edo eskuinerantz denean.
Muga digergenteak
Muga dibergentetan bi plakak bata bestearengandik bereizten dira eta euren artean lurrazal berria sortzen da azpian dagoen
magmaren solidifikazioaz. Plaken arteko muga dibergenteen sorrera
puntu hirukoitzetan puntu bero (hotspot) bati loturik egon ohi direla uste da. Puntu hauetan astenosfera beroa igotzen da zelula konbektibo handien ondorioz eta honek mugimendu
zinetiko bat sortzen du, litosfera apurtuz.
Muga mota hauek ugariak dira eta ozeano erdiko gandorra osatzen dute adibidez Ozeano Atlantikoan edo Ozeano Barearen Ekialdean. Afrikako Rift Haran Handia ere mota honetakoa da. Muga dibergenteak faila zona masiboak sortzen dituzte, zabaltzea euren artean ez baita uniformea. Hori dela eta lekuetan non zabalkuntza handiagoa den beste batean baino faila transformakor bat sortzen da euren artean. Hauetan sortzen dira, batez ere, ozeanoetan gertatzen diren lurrikarak. Itsaso hondoko mapa bat hartuko bagenu estruktura karratu bat ikusten da, ardatz nagusi batekiko perpendikularrak diren lerroekin, hau zabalketa gune nagusia eta faila trasnformakorrak dira. Plaken arteko mugetatik geroz eta urrunago joan, orduan eta hotzagoa izango da plaka eta sakonera handiagoa egongo da, kontrakzioagatik eta subsidentziagatik.
Ozeano erdiko gandorretan aurkitu zen teoria frogatzeko ebidentziarik handienetarikoa, itsasoak handitzen zeudela frogatzen baitzen. Airetik egindako ikerketa geomagnetikoek egitura arraro bat erakutsi zuten, magnetismoa aldatzen zela ikusten baitzen, baina modu simetriko batean. Egitura hau erregularregia zen kasualitate bat izateko eta horregatik magnetismoan ematen diren aldaketak denboran zehar sortuak egon behar zirela argi zegoen. Alde bakoitzean zegoen arrokaren adina aztertuta teoria konprobatu zen.
Muga konbergenteak
Bi plakek elkarrekin talka egiten dutenean muga konbergente bat dugu. Muga hauetan plaka bat bestearen azpitik sartzen da, mantuan deseginez. Muga mota honek mendilerroak sortzen ditu eta sumendien sorrerarekin harremanetan dago. Bi plakek talka egiten duten gunearen subdukzio zonalde deritzo. Hor sedimentua pilatzen doa eta akrezio prismak sortzen dira.
Plaken arteko talka hauek kontinente-kontinente artean izan daitezke, zeintzuetan mendilerro bat sortuko den (Himalaya); ozeano-ozeano izan daiteke eta horietan arku-uharteak sortzen dira (Japonia); edo ozeano-kontinente izan daitezke eta hauetan fosa bat eta mendilerro bat sortzen da (Andeak).
Beherantz doan plakak dituen likido eta gasek inguruan dauden arroken urtze puntua jaisten du eta horrela urtzen dira, magma sortuz. Magma honen dentsitatea inguruko arrokena baino txikiagoa denez pixkanaka-pixkanaka joango da gorantz eta sumendi kateak sortzen dira. Berarekin batera itsasoan zegoen arroka zati bat zenez uraz gain gas ugari igoko dira gorantz eta labaren eztandak askoz leherkorragoak dira. Mota honetako sumendi lerroak oso ugariak dira Pazifikoaren inguruan. Nazca plaka Hego Amerikaren azpian sartzean Andeetako sumendiak sortzen ditu. Ipar Amerikan Cascade mendilerroa sortzen da. Ozeano Bare osoan zehar Pazifikoko Su Eraztuna moduan ezagutzen den sumendi zirkulua osatzen da.
Bi plaka kontinentalek talka egiten dutenean bi plakek jasatzen dituzte konpresio indarrak eta beraz bata bestearen azpian sartu edo bata bestearen gainetik doa. Toles ugari gertatzen dira eta mendilerro estentsiboak sortzen dira. Kasurik ezagunena Himalaiatan gertatzen da, non Tibeteko goi-ordokia azpian dagoen plakak sorturiko altxaketa den.
Bi plaka ozeanikok talka egiten dutenean arku-uharteak sortzen dira, Japonia eta Aleutiar uharteak bezala. Plaka bat bestearen azpian sartzerakoan forma ganbila duten lerroak sortzen dira, puntu bakoitza sumendi bat edo irla bat delarik.
Azkenik aipatu behar da plaken arteko talka ez dela beti buruz-burukoa, baizik eta batek iparralderanzko mugimendua balu besteak hego-ekialderako mugimendua izan lezake. Honek faila sistema konplexuagoa sortzen ditu.
Muga transformatzaileak
John Tuzo Wilsonek onartu zuen bezala,
frikzioa dela eta plaka ezin dira bata bestearen ondotik ezer gertatu gabe igaro. Benetan gertatzen dnea estresa bi plaken alboetan metatzen dela da eta bi plaketan indar honek
arrokek duten euste gaitasuna baino handiagoa denean energia askatzen da. Askatze hori bat-batekoa izan daiteke edo denboran zehar, arroken
erreologiaren arabera. Behe lurrazaleko eta mantuko arrokek modu gradualean metatzen dute deformazioa, baina hauskorra den litosferaren goikaldea hauste da eta energia modu instantaneoan askatzen da. Askatze honen ondorioz
lurrikarak sortzen dira, muga mota honetan ohikoa den fenomenoa.
Honen adibide on bat San Andres Faila da, Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldean. Bertako faila sistema muga transformatzaile bat da, non Pazifikoko plaka eta Ipar Amerikako plaka bata bestearekiko alboz mugitzen diren (Pazifikoa iparmendeblderantz Ipar Amerikaren arabera). Beste adibide batzuk Anatoliako Faila edo Zeelanda Berriko Faila Alpinoa dira. Kaliforniako kostaren aurrean Mendocino haustura ere mota honetakoa da.